Azken egunotako gertakarien harira, ildo komunistarekiko ahotsak indartu egin dira berau suntsitzeko determinazioa agertu duten ordezkari desberdinen partetik. Izan ere, haiek kritika politikoa zerbait «natural» gisa aurkezten saiatzen badira ere, haien esentzialismo dogmatikoaren lehen agerkaria, jarrera horien guztien atzean denbora luzez sistematikoki errepikatzen ari den zapalkuntza eta zanpaketa estrategia aurkitzen da. Harrigarria egiten zait haien tresna burokratiko guztiak erabilita, gezurrak eta manipulazioa hedatzeari kritika politikoa deitzea, eta, gainera, haien ardura eta arduragabekeria guztia estaltzen saiatzea horri «naturala» iritzita. Barkatuko didazu, Eneko Compains, baina hemen ez dago eztabaidarik, burokrazia itsu baten kontrol nahi asegaitza baizik; ezin baita eztabaidarik egon errealitatearen jakintza ezaren atzean ezkutatzen diren akusazioetan: 1) oraindik ere komunismoaren nondik norakoen inguruko hausnarketa egin ez duzuelako, edo 2) eginda ere nahita manipulatzea erabaki duzuelako, beste interes batzuei jarraiki. Ez batak ez besteak, ez zaituzte zuen arduraz libratzen ezta objektiboki betetzen ari zareten funtzioaz ere: etorkizuneko belaunaldien gaineko jarraipen eta jazarpen mafiosoa. Edonola ere, zuen akusazioen faltsutasuna eta haiek gidatzen dituzten ideologia eta metodologiaren inguruko hausnarketa egitera dator artikulu hau. Bereziki honako akusazioak zerrendatzen ditut:
- dogmatismoa
- obrerismoa,
- ezkerkeria,
- anazionaltasuna.
Artikulu honen helburua ez da soilik hauen faltsutasuna aurkitzea, akusazioen egileetan ezaugarri horiek identifikatzea baizik. Izan ere, hauek jaurtitzen dituztenean, mugimendu komunista baino haien burua deskribatzen ari direla defendatzera nator.
Burges metodologia eta dogmatismoa
Eneko Compainsek sare sozialetan jaurtitako mezuetan nabarmenak dira haren posizioa justifikatu asmoz inongo irizpiderik gabe kopiatzen dituen Leninen zitak. Hemen zitatzeko bi modu desberdindu behar dira. Alde batetik, printzipio teoriko esentzialak daude, zeinak euren kontzeptualizazioan historizitate bat aurkezten duten. Hau da, garai historiko batetan kondentsatzen diren jakintzen sintesi teorikoak, zeinak determinazio anitzen zehaztapen metodologikoak diren. Beste aldetik, ordea, taktika irizpideak direnak teoriaren elementu esentzialera igotzeko baliatzen diren zitak aurkitzen dira.
Lehenengoak metodologia marxistari dagokio: fenomeno bakoitza bere garai historikoaren zehar lerro agintariekin konexioan jartzea. Bigarrenak, ordea, metodologia burgesari: fenomenoa akritikoki sistema kapitalistaren gainazalean agertzen den bezala hartu, haren barne determinazioak eta konexioak aztertu gabe; hots, fenomeno hori esentziaren ezinbesteko manifestazioa dela kontzebitu gabe. Hemen jaiotzen da dogmatismoa.
Leninen obrak irakurri dituenak jakingo duenez, taktikaren maisua izandakoak konplexurik ez zuen, estrategiarekin ezarritako konexio anitzen arabera, taktika egun batetik bestera aldatzeko. Ezagunak dira haren hitzak taktikarekiko izan beharreko malgutasunari dagokionez; ez ordea printzipio estrategikoekiko. Azken finean, Compainsen taktizismoaren atzean, hots, taktikaren kontzepzio kosifikatua teoria printzipiora igotzeko ekinbidearen atzean, estrategiaren hutsunea betetzera datorren trikimailua baino ez da ezkutatzen.
Erabaki taktikoak haien testuingurutik kanpo, hau da, estrategiak baldintza konkretuen arabera lur hartzen duen prozesuarekiko konexio ezatik aztertzea errebisionismoaren oinarrizko metodologia burgesaren egikaritzea da. Leninen zita bat metodo hori baliatuta, Leninek defendatzen ez zuena defendatzeko aukera ematen du; manipulazio historikoa xede duen metodologia da errebisionismoarena. Gauzak horrela, metodo horri jarraiki, esan genezake Leninek sobietek boterea ez hartzearen gaineko kontsigna zabaldu zuela otsaileko iraultzatik urrirako iraultzarako tarte batetan. Horren zergatia aztertuta, ordea, metodologia burgesari manipulaziorako oinarriak ezabatzen dizkiogu. Leninek kontsigna hori zabaldu zuen sobieten boterearen aldeko kontsignak berak zentzua galdu zuen une historikoan. Izan ere, sobieten gehiengoa mentxebike eta eserista zen, denek sobieta biltzar konstituziogile burgesaren bermea izango zen organo parlamentarioan bilakatu nahi zutelarik.
Bada, Compainsek marxismoarekiko kontraesanean dauden printzipioak babesteko erabiltzen duen metodoa errebisionismoari dagokio, ez mugimendu iraultzaileari, eta dogmatismoaren iturria da. Desitxuraketa horretatik eta metodo marxistaren usteltzetik eraiki ahal izan zuen estalinismoak leninismoaren fartsa.
Hala ere, metodologia burgesa ez da soilik adierazten aipatutako zitazio formetan. Eneko Compainsek berak, egun batzuk lehenago, Gazte Koordinadora Sozialistari egotzi zitzaion nazio auziaren baztertzearen harira zabaldu nituen mezuei erantzuna emanez, honakoa esan zuen:
Sineskaitza badirudi ere, independentziara independentismorik gabe heldu gaitezkeela uste dute batzuk. Obrerista berriak dira. Hemen adibide bat PS: genero berdintasunera feminismorik gabe hel gaitezkeela dioten berdinak direlakoan nago.
Obrerista bat obrerista deika
Aipatutako zitan, obrerismoaren faltsutasuna azaleratzen du. Metodoari dagokionez, berriz ere marxismoaren faltsutzearen aurrean aurkitzen gara. Izan ere, Marxek Ekonomia Politikoaren Kritikaren bidez artikulatutako kategoria-sistemari kanpotik eratorritako eta arrotzak zaizkion zientzia burgesaren jakintza formak txertatu nahi dizkio Compainsek. Horregatik, GKSk bere sorrera komunikatuan egindako sintesiari, zeinak osotasunaren printzipioa barnebiltzen duen, hutsuneak aurkitzen dizkio. Ez kategoria-sistemaren hedatzea faltan bota duelako –komunikatu batetan ezinezkoa dena baina kritika zilegia izan zitekeena‑, baizik eta faltan botatzen diolako, Marxen kategoria-sistemari, sistema kapitalistaren gainazalean gertatzen diren fenomenoen inguruko azterketa gaitasuna, horrekin batera Marxek eraikitako metodoa bera deuseztatuz, sintesi printzipio ezinbestekoa baitu osotasunaren artikulazio konkretua. Hori oinarri izanda aldarrikatzen du metodologia marxistari kanpotik txertatutako metodologia arrotza (Euskal Errepublika, burgesa ezinbestean, nazio auziaren soluzio; berdintasun burgesa genero auziarena), Ekonomia Politikoaren Kritikaren kategoriak modu unilateralean ulertzen dituelako, hots, zientzia sistema burgesaren ulerkeratik kategoria ekonomiko gisa hartzen dituelako eta ez kategoria historiko-sozial gisa.
Obrerismoaren gaitza, bada, Compainsen kontzepzioan bertan aurkitzen da. Izan ere, horren erdigunean langile klasea fenomeno ekonomiko unilateralera mugatzen duen ulerkera aurkitzen da. Zentzu horretan, obrerismoa objektibismo mekanizista batetan sostengatzen da. Hau da, langile klasea lanaren esparrura mugatzen den fenomenoa izaki, bere aldarrikapen eta zehaztapenek ezin dute lanaren marko burgesa gainditu, ezin dira klase borroka iraultzailearen mailara igo. Horregatik, subjektu iraultzailearen artikulazioaren ezinaren aurrean, langile klasea sistema kapitalistaren fatalismora kateatuta geratzen da, mekanizismotik irten ezinean. Politikaren ezina da, beraz, eta harrigarria da gazte antolakunde iraultzailea jaiotzen den momentuan halako akusazioak jaurtitzea, hain justu antolakunde politiko batek adierazpen desberdinen ezintasun politikoari erantzuteko xedea duenean. Harrigarria.
Ezkerkeria: errebisionismoaren mamua
Aipatu faltsutzeekin nahikoa ez izanda, Compainsek bere teoria lurrera botako duen bigarren elementua gehitzen du, obrerismoaren akusazioa deuseztatzen duena: ezkerkeria.
Ezkerkeriaren fundamentuak ezartzeko, beste behin, errebisionismoak Leninen zitetara jotzen du, metodologia burgesa erabilita irizpide taktiko konkretuak teorian bilakatzeko: hots, fenomenoa zientzia burgesaren arabera kategorizatzeko. Ezkerkeria ezin da teorizatu, ordea, printzipio taktikoen gehitze kuantitatiboaren bidetik. Kontrara, Leninek borrokatutako posizio historikoak haien testuinguruaren azterketatik soilik ulertu daitezke. Egia konkretua da eta konkretua zehazteko determinazio teoriko historikoak behar ditugu, ez abstrakzio formal idealistak.
Leninek ezkerkeria errealitate objektiboarekin konexioan jaiotzen ez den subjektuarekin lotzen zuen. Hau da, idealismoaren adierazpen den subjektibismo boluntaristarekin. Izan ere, ezkerkeriak objektua eta subjektua, soilik teorikoki banandu daitezkeen bi determinazio, harreman mekanikoan jartzen zituen, subjektua idealizatuz eta harekin batera errealitatearekiko utopia-harremanean zehaztuz.
Errebisionismoak etengabe astintzen du ezkerkeriaren mamua mugimendu komunistaren aurka egiteko. Hartarako beste testuinguru historiko batetan formulatutako irizpide taktikoak absolutizatu eta akritikoki beste garai batetan txertatzen ditu, kanpotik, metodologia burges idealista baliatuta. Jada ez da bere izate objektiboak mugatutako subjektuaren garapena ematen; errealitate horren gainetik ezarritako subjektu idealistak agintzen du.
Beraz, argi da errebisionismoaren gaitza dela ezkerkeria: Lenin eta gure garaiaren arteko desberdintasunak aztertu beharrean, baita geografiaren araberako garapena baztertuta, haren irizpide taktikoen bidez saiatzen dira irizpide horiei ez dagokien errealitate batetan ekinbide bat justifikatzen. Baina ez hori bakarrik. Ezkerkeriaren ezaugarria utopismoa bada, ezkerkeria bera errebisionismoaren agertze formetako bat den erreformismoaren nukleoan agertzen da: hauek denek langile klasearen «arazoak» konpondu nahi dituzte nola eta etsaiaren tresna absolutizatuz, Euskal Errepublika sortuz, kapitalaren gaineko teoria oro baztertuz eta klase borroka interklasismoarekin ordezkatuz!
Hortxe, bada, ezkerkeriaren adierazpen diren utopismoa eta boluntarismo idealista, burgesiaren aginte formak neutralak ulertu eta berauetan aldaketa aldarrikatzea.
Leninek Errusiako iraultzaren berotasunean aukera desberdinak aztertu zituen. Bi garai bereizi, gainera:
- langile eta nekazarien diktadura demokratikoa eta
- proletalgoaren diktadura.
Biak esentzialki bereizten zituen, eta Errusiako garaiko baldintzekin konexioan.
Langile eta nekazarien diktadura demokratikoak iraultza burgesaren amaitu gabeko eginbeharrei erantzuten zion. Izan ere, Leninek jakin bazekien nekazalgoa gehiengo handia zen gizartean ezinbestekoa zela hortik eta proletalgoaren diktadura artean garapen objektibo bat gauzatzea. Nekazal iraultzaren programak, gerora Politika Ekonomiko Berriarekin (PEB) zehaztu eta birformulatu zuena, trantsizio aro horri erantzuten zion. Beraz, programa historiko baten gauzatzeari erantzuten zion iraultza demokratiko horrek. Halako baldintza objektiboen gabezian, Euskal Herrian prozesu demokratikoaren aldarrikapenak ez dio, hartakoan bezala, langile klasearen betebehar historikoari erantzuten. Kontrara, demokrazia eta berdintasun burgesaren programa langile aristokrazia eta burgesia txikiaren programak dira; haiekiko subordinazioan nahi dute, errebisionistek, langile klasea bera. Trikimailu bat baino ez da langile klasea bere horretan mantendu eta krisi kapitalistak kolpatutako langile aristokraziaren eta burgesia txikiaren baldintzei eutsi ahal izateko. Utopia hutsa aukera errealean bilakatuta, kapitalismoaren lege objektiboen ezagutza faltan edo haien manipulazio kontzientean sostengatuta.
Edonola ere, dena nahastu eta mugimendu komunistaren garapena eten nahian dabiltzan ordezkari horien enegarren baieztapena gezur hutsa da, beste behin: mugimendu komunistak ez dio inoiz modu absolutu batetan erantzun instituzio burgesen auziari. Mugimendu komunista ez da instituzio burgesekin hitzarmena egitearen aurkakoa; ez dio uko egiten modu absolutu batetan instituzio burgesetan parte hartzeari. Kontrara, mugimendu komunistak auzi horiek guztiak estrategiarekin harremanean ebazten ditu eta estrategiaren beharren arabera erantzuten ditu. Argi, baina: mugimendu iraultzailea ez dago, uneotan, kapitalaren instituzioetan, ez behintzat Euskal Herrian. Abstentzioaren alde egiten dutenek, beraz, ez dute euren ildo estrategikoa definitzen, taktizistek ondorioztatu bezala, instituzioetan dagoen errealitate bati erantzun baizik. Era berean, mugimendu iraultzaileak, instituzioetan egongo balitz, haietan egingo lukeen lana taktizista errebisionistek egiten dutenarekin alderatuta bestelakoa izango litzateke. Leninek egindakoaren bidetik, ez lukete bertan parte hartuko instituzioak legitimatzeko (aldaketaren gobernua), baizik eta haien benetako esentzia erakusteko, hots, mugimendu iraultzailearen aldeko praktika gauzatzeko.
Gauza bera gertatzen da zuzenbide burgesaren esparruan eman daitezkeen borrokekin. Soldataren esparruan ematen diren borrokei ez die uko egiten mugimendu komunistak. Errebisionismoak ez bezala, estrategia iraultzailearekiko konexioan jartzen ditu, ordea. Errebisionismoak, langile aristokraziaren eta burgesia txikiaren ideologia politikoak, soldata minimoa eskatzen duen bitartean, hau da, langileriaren barne haustura erreproduzitzen duen bitartean, ‑funtzio politiko hori baitu soldatak, kapitalaren bermea izatea langile klasearen zatiketa gauzatuz, besteak beste- mugimendu iraultzaileak soldataren aldeko borroka behar estrategikoen arabera formulatzen du: esate baterako, ez soldata minimoa eskatzen, hau da, barne haustura indartzen, soldata berdintasunaren alde antolatzen baizik. Horiek, burgesiaren sisteman bertan ematen diren borroka espontaneoak, langile klasearen batasunari begira, hau da, langile klasea batasunaren bidean heztera begira artikulatzen diren borrokak dira; soldata minimoaren borroka bezala, formaz kategoria burgesen arabera antolatuak baina zentzu desberdinean gauzatuta. Azken finean, Leninek autodeterminazio eskubidearen ebazpen burgesean defendatu bezala, eskubideen aldarrikapenean ere langile klasea batasunaren alde hezi daitekeelako.
Beraz, ez nahastu giroa: hasieran esan bezala, honen guztiaren atzean ez dago eztabaidarako borondatea, gezurra, manipulazioa eta sofismak erabilita mugimendu iraultzailearen garapenaren etete eta zapaltze saiakera mafiosoa baizik. Baina, burokraziaren ekinbide itsua dela eta, argi geratzen denez, jarrera horiek kontrakoa lortzen ari dira.
Ez naiz Compainsek egiten dituen gainerako baieztapen zehatzetan sartuko, haien atzean dagoen klase ikuspegia eta metodologia aztertuta argi geratzen baita, langile klase iraultzailearen estrategiaren zentzuan bakarrean asmatu izan balu ere, kasualitatearen emaitza izango litzatekeela. Are gehiago, ez diot ebidentziari ere erantzungo: irrigarria deritzot eginbeharren inguruan galdetzeari, iraultzaren inguruan duen kontzepzio burgesari (jakobinismoa: egun handiaz galdezka, norekin ari den hizketan, zeri egiten dion kritika ez dakienaren seinale, edo manipulazioarena)… fundamenturik ez duten eta elkar deuseztatzen duten akusazioak dira denak, manipulazioa eta gogo txarra mahai gaineratzen dutenak. Irrigarria deritzot galdezka etortzeari, Euskal Errepublikaren estrategiaren (ezaren) faltsutasuna begien aurrean jarri denean Katalunian gertatutakoaren harira. Aldebakartasunaren faltsutasuna eta gezurra denbora luzez saldu ondoren, argi geratzen baita zein den hartu duten bidea: burgesia internazionalarekin hitzarmena sinatzea, haien Errepublika askatzaile hori konkistatzeko. Zein preziotan ordaindu beharko du euskal langile klaseak tamaina saldukeria?
Euskal langile klasearen nazio-komunitatea: Euskal Komuna Sozialistaren defentsa
Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu zuten eta errebisionisten alarmak berehala piztu ere: ez du jasotzen nazio auziaren inguruko aipamenik. Nik kontrara esango nuke: ez du jasotzen nazio auziaren ebazpen burgesak hartzen duen forma. Erantzuten dio, ordea, ez nazioaren kontzepzio abstraktuari, langile klasearen nazio-komunitateari baizik, zeina formaz eta edukiz zeharo desberdina den Euskal Errepublikaren nazio kontzepzio burgesarekiko.
Nazio auzian nahasmena nahiko hedatua dela esango nuke. Nazioaren momentu determinanteen ebazpena eginbehar garrantzitsua dela iruditzen zait. Nik, oro har, bi osagai nagusi ulertzen ditut euskal nazioaren artikulazio historikoan: alde batetik, osagai politiko-soziala eta bestetik hizkuntza-kultura ardatza. Nazio formaren determinazio historikoaren ardatz menderatzailea politiko-soziala da. Hau da, euskal nazioa borrokaren emaitza da; hizkuntza-kultura ardatzak borroka horren araberako formulazioa izan du. Bada, auzi politikoak edo klase sozialen auziak soilik argitu dezake nazioaren beraren izaera, hizkuntza eta kultura horren hedapenaren gaitasunei lotuta agertzen direlarik. Bestela esatearren: euskal kultura eta euskararen artikulazioa eta biziraupena, historikoki, nazioaren ardatz nagusiena den klase boterearen menpekotasunean garatu dira beti, nahiz eta gainazalean sarri fenomeno autonomoen itxura hartu. Ez da hizkuntza ezta kulturarik ere komunitatea desegiten bada, komunitatea eratzen duten konexioak desegiten badira.
Oinarri horretatik abiatuta, beraz, bada desagertzen ari den euskal nazio bat, forma burgesa duen nazioa; baina bada, beste bat, ordea, langileen boterearen komunitate antolatuari erantzuten diona. Azkeneko hau da, azken finean, Euskal Komuna Sozialista.
Euskal nazioaren forma burgesaren desintegrazioa, eta horri aurre egin ezean euskararen beraren desagerpena, ezin da ulertu, beraz, Euskal Errepublikaren gabeziaren zentzutik. Euskal estatu burges batek ezintasuna agertuko lioke administrazio burgesaren inposizio politikoaren emaitza hutsa ez den tendentzia objektiboari. Hau da, kapitalaren akumulazio beharrek, eta are gehiago, akumulazio behar horien ondorioz burgesiak langile klasea banatzeko abiatutako ofentsibak, langileen komunitate forma guztiak deuseztatzea dute helburu, klase batasuna txikitzea, horiekin batera nazioaren elementu desberdinak desegiteko joera ezarriz: euskararen tendentzia ez da ausazko lege instituzionalen menpekoa, mundu mailako kapitalaren beharren araberako artikulazio politiko-sozialarekikoa baizik.
Honek inplikazio sakonak ditu. Alde batetik, nazioaren defendatzaile gisa agertzen diren errebisionistak dagokien lekuan jartzen ditu: euskal nazioaren desintegrazio bortitzaren zurrunbiloan murgilduta daude, euskal langile klaseari aukera iraultzaile guztiak ezabatuz. Hau da, argi eta garbi: Euskal Errepublika nazio arazoari erantzuteko soluzio gisa aurkezten bada ere, errealitatean justu kontrakoa da: horretan sakontzeko arazoa, hots, euskal langile klasearen nazio-komunitatearen aukerak ezabatzeko estrategia faltsua da Euskal Errepublikarena edo independentismo burgesarena. Euskal langile klasearen nazio-komunitatearen artikulazioa soilik langile boterearen parametroetatik gauzatu daiteke. Beraz, manipulazioaren ordezkari horiek maltzurkeriaz ari dira, eta ezintasun osoz, haien gezurrak zabaltzen dituztenean.
Esan bezala, ordea, langile klasearen komunitate forma eta burgesiarena zeharo desberdinak dira, baita auzi politikoari dagokionez. Burgesiaren nazio forma estatu independentean egikaritzen da, estatu independente horiek oligarkia zehatzen interesak defendatzeko tresnak direlarik; hots, konfrontazio interkapitalista, eta ondorioz, langile klasearen zapalkuntza erreproduzitzen duten formak dira. Horrek erantzuten dio, oro har, independentismoaren kontzepzio errebisionista hegemonikoari. Horregatik ere, ulertzen dut, independentzia modu abstraktu batetan aipatzeari uko egitea mugimendu iraultzaileak: hain zuzen ere burgesiak independentziarekiko duen kontzepzioa langile klasearen independentzia politikoarekiko harreman antagonikoan agertzen delako.
Horren kontra, langile klasearen nazio-komunitatea langile klasearen batasun internazionala gauzatzeko (eta gauzatu izanaren) emaitza da. Izan ere, ezinezkoa da lehenaren artikulazioa ez baldin bada langileria klase internazional bilakatu, hau da, ez badu ofentsiba internazionala gauzatzen. Mediazio momentuan aurkitzen da, beraz, hemen Marxek aipatu zuen egoera: langileria klase agintari nazionalean bilakatzea. Hori da internazional bilakatzeko ezinbestekotasuna, internazional bilakatzea langile klasearen nazio-komunitatearen bermea den neurri berean.
Horregatik, deskonexio osoan eta zatiketan oinarritzen den independentismo burgesaren ordez langile klasearen independentzia politikoa aldarrikatu behar da, nazio-komunitate forman gauzatu bere botere internazionalaren territorializazioa.
Faltsua da, beraz, mugimendu iraultzaileari egozten zaiona: aparientzien ulerkera metodologiko burgesari aurre eginez, Euskal Komuna Sozialista da, ezbairik gabe, euskal langile klasearen nazio-komunitatearen biziraupenaren berme bakarra, mundu mailako komunismoaren zutarria. Ez da, beraz, ildo komunista iraultzailea anazionala. Kontrara, lehenengo aldiz kontziente bilakatzen du komunitate baten gaineko konexioen kontrola. Komunitatea jada ez da izango kapitalaren beharren arabera sortu eta disolbatzen den forma likidoa, hots, diruak artikulatutako komunitate forma, borondate kontzientez antolatutako erlazio sozial askeen egikaritzea baizik, baita politikaren disoluzioa, hots, nazioaren auzi politikoa disolbatzen denean ere.
Ez Eneko Compains, komunikatuan ez dituzte gauza asko aipatzen. Ez zait serioa iruditzen aipamen hutsak hutsunea bete dezakeenaren kontzepzio politiko burgesa. Hau ez da botoa edota hegemonismo burgesa eskuratzera bideratutako agitazioa bezain sinplista. Honek inplikazio handiagoa eskatzen du.
Orratza
2019/02/25Iturria: https://burdinhesia.wordpress.com/2019/02/25/gezurrak-eta-burges-metodologia-errebisionismoaren-porrota-eneko-compainsi-erantzuna/